ZAZPI BEKATU KAPITALEK BILBO HARTUKO DUTE ASTEBURU HONETAN 2009KO ARATUSTEAK DIRELA-ETA
Programazioa Komentatu• Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Sailak antolatuta, otsailaren 19tik 24a bitartean ospatuko dira Aratusteak Bilbon eta jai honen 30. urteurrena eta Farolin eta Zarambolasen zilarrezko ezteiak ospatzeko Udal Musika Bandak eskainiko duen Aratusteetako Kontzertu Bereziarekin emango zaie hasiera ospakizunoi.
• Otsailaren 20an, ostiralean, Farolin eta Zarambolasen Epaiketak egoitza berria estreinatuko du Bilborocken eta Bilboko Pabellón Vega antzokiaren giroa berreskuratuko du.
• Otsailaren 21ean, larunbatean, hiritarrek JAI BEREZI batekin gozatu ahal izango dute. Ospakizuna KARRIKALDIAREKIN eta ARATUSTODROMOAREKIN hasiko da Kale Nagusian eta ARATUSTEKO DANTZALDI BEREZIarekin egingo du aurrera Plaza Barrian.
• Karrikaldia ikuskizunean zortzi karroza irtengo dira Jesusen Bihotza Plazatik eta Kale Nagusia zeharkatuko dute INFERNUA eta ZAZPI BEKATU KAPITALAK irudikatuz. Argi eta soinu ikuskizun honetarako sortutako zortzi karroza izango dira bertan, eta 180 artista baino gehiagok hartuko dute parte.
• Aratustodromoak hiru eszenatoki desberdin izango ditu Moyua Plaza eta Kale Nagusia eta Mazarredo arteko bidegurutzea bitartean eta bertan izango da Mozorro lehiaketako sari banaketa, 6.000 euro baino gehiago banatuko dituen lehiaketako sari banaketa.
• Larunbat arratsalde-gau partean bi kale animazio orkestra ibiliko dira, Kale Nagusiaren eta Alde Zaharraren inguruetan, Plaza Barrian egingo den ARATUSTE DANTZALDI BEREZI bati bidea emateko.
• Umeentzako programazio zabalak, Euskal dantzek, gastronomiak eta folkloreak osatzen dute 2009ko Aratusteen programa, eta sardinaren erreketarekin bukatuko dira Aratusteak otsailaren 24an, asteartean.
• Aurtengo Aratusteetan ere Jai Batzordeak egindako programazio ofiziala eta erakunde pribatuek antolatutako ekintzak uztartzen dira: Barnaval lehiaketa, Cafe La Granja antolatutako etxeko txorizoen dastaketa edota Bilboko Konpartsen desfilea, besteak beste.
Bilbo 2009ko otsailaren 17a. 2009an Bilboko Aratusteek 30 urte betetzen dituzte eta Farolin eta Zarambolas, Aratusteko pertsonaiarik bertokoenak, berriz, zilarrezko ezteiak. Hori dela-eta aurtengo Aratusteei hasiera emateko Bilboko Musika Bandak Aratusteetako Kontzertu Berezia eskainiko du hurrengo ostegunean, otsailak 19, Bilboko Zabalgune Eraikinean. Kontzertu honetan, omenaldia egingo zaie 25 urte hauetan zehar Farolin eta Zaranbolas izendapenak modu adoretsuan eraman dituztenei, zendu direnak bereziki gogoratuz.
Baina kontzertu-omenaldi hau hasiera besterik ez da. Azken finean 30 urte ez dira egunero betetzen eta merezi duen moduan ospatu behar da horrelako urteurrena. Horretarako Bilboko Aratusteek bilbotar guztiei gonbita berezia luzatu nahi diete: LUXURIA eszenatokira igotzera, SABELKERIAz gozatzeko Cafe La Granja antolatutako etxeko txorizoen lehiaketan, ZEKENKERIA azaltzera otsailaren 21ean Mozorroen Lehiaketan, ALFERKERIAren kontra jokatzera eta kalera irtetera ondo mozorrotuta, etortzear dauden festa egun hauetan SUMINA alde batera uztera, Barnaval irabaziko duen lokalaren aurrean BEKAIZKERIA sentitzera eta, beste aldetik, HARROKERIAren begirada erakustera gu geu baldin bagara inbidiatuak. Izan ere, Turismo eta Jaietako Sailak INFERNUA ETA ZAZPI BEKATU KAPITALAK aukeratu ditu 2009ko Aratusteen ardatz nagusi gisa.
PABELLON VEGA KABARETA BIRSORTUKO DU BILBOROCKEKO EPAIKETAK
Ohikoa den Farolin eta Zarambolasen Epaiketak egoitza estreinatuko du aurten: Bilborock aretoan. Bertan izango dira epaituak hurrengo ostiralean, otsailak 20, arratsaldeko 20:00etan, Tomás Salazar, Farolin, eta Las Fellini, Zarambolas. Aldaketarekin ekitaldiak leku gehiago izango du eta ezaugarri tekniko hobeak eskainiko dizkio antzerki, kabaret edota auto sakramentalaren formatua duen prozesu chirene honi.
Gai ezberdin bati buruzkoa izaten da urtero pertsonaia hauen epaiketa, eta ekitaldiaren gidoia eta pertsonaien defentsa gai honetan oinarritzen dira. Bilborockeko estreinaldirako hain bilbotarra den ekitaldiak ezin zuen giropen hoberik aukeratu. Izan ere, antzezpena Pabellon Vegaren kabareten oinarrituko da. XX. mende hasieran kabaret hau, antzinako La Merced komentuaren (gaurko Bilborock) ondoan zabaltzen egiten zen, La Naja eta Bailenen arteko kantoian.
“La venganza de Don Julián” izenpean, epaiketak 1915eko Bilboko Aratusteak birsortuko ditu eta bertan Don Julián Vega, Salon Vegaren jabea eta bere varietes programa aurkituko ditugu, Raquel Mellerrekin, ilusionistekin eta vedettekin. Bilborockeko eszenatokian Aita Basterra, lokal honen etsairik nagusienetakoa, edo La Merced komentu horretako mojak ere agertuko dira, antzokiaren emanaldien berri ematen zuen txirrina-kanpaiarekin zuten arazoekin.
Carlos Bacigalupe, idazlea, kazetaria eta, besteak beste, Bilbao a escena, Pequeña historia del Teatro Arriaga eta ABAO, 50 años de historia 1953-2003 lanen egilea da aurtengo epaiketaren gidoiaren egilea. Eszenaren zuzendaritza, aldiz, Kepa Gallego aktore eta zuzendaria.
INFERNUAK ETA ZAZPI BEKATU KAPITALEK KALE NAGUSIA ZEHARKATUKO DUTE 2009KO KARRIKALDIAN
Bigarren urtez Karrikaldia antolatu du Bilboko Turismo eta Jaietako Sailak. Hurrengo larunbatean, otsailak 21, karrozek, fanfarriek eta kale animazioak osatutako martxa honek Kale Nagusia zeharkatuko du Jesus Bihotza Plazatik Plaza Biribila arte. Arratsaldeko 18:30etik aurrera 2009ko Karrikaldiak INFERNUA eta ZAZPI BEKATU KAPITALAK birsortuko ditu, argia, soinua, zortzi karroza eta 180 artista baino gehiagoko ikuskizun batekin.
CARONTEk, Hadeseko txalupa-zainak, irekiko du Karrialdia, INFERNUAREN ATEA izeneko lehenengo karrozari bidea eginez. INFERNUAREN ATEAk Bilbo bekatuz betetako hiri bihurtuko du, egun batez. Cerbero munstroa, abernuaren ateen zaintzaile beldurgarria, izango da karroza honen protagonista. Kasu honetan munstro oraindik beldurgarriagoa, Cerbero hiru buru duen dragoia izango baita.
ZEKENKERIA: Ondasun materialak eta materiagabeak izateko gogoa. Luxua, gutiziaren grina… Urrea da dudarik gabe bekatu kapital honen ikurra, horregatik metal honen kolorea bigarren karroza honetan nagusituko da. Aberatsek, dirudunek eta izugarri dirudunek Kale Nagusitik barena lagunduko dute karroza.
BEKAIZKERIA: gure hiria definitzen duen beste bekatua. Baina ez bilbotarrok bekaizkorrak garelako; baizik eta besteek inbidia izaten digutelako Bilbon jaio izanagatik. Inbidiatuenetarikoenak: Farolin eta Zarambolas, edozein bilbotarrek esango lukeen moduan, Euskadiko Aratusterik hoberenen protagonistak. Pertsonai enblematiko hauek izango dira karroza honen erakarpen nagusiena, balantza erraldoia, 2009ko Farolin Tomas Salazar eta gure sardina maitea hartuko baititu karrozak. Eta Zarambolas?
SABELKERIA: Bilbon bekaturik nagusiena. Hiri honetan momenturo jaten dugu, eta ez beti gose garelako. Bilbo gastronomia erreferentea da, beraz, ahaztu ditzagun dietak eta jan dezagun neurririk gabe Aratuste hauetan. Gargantuak, Bilboko sinboloak, irudikatuko su sabelkeria bere aseezin jan nahiarekin. Sukaldari dibertigarri eta frenetikoak joango dira Gargantuarekin eta espageti eta haragi-bola lapiko artean.
SUMINA: guda da suminaren sinbolorik argienetarikoa. Hori dela-eta tanke handi bat izango da karroza honetan protagonista. Gudaren aurkako jarrera adierazteko eta Aratusteetan berezkoa den herri desberdinen ulermenaren alde egiteko aukera, beraz. Armen eta ejertzitoen zentzugabea sentituko duen karroza.
LUXURIA: Bilbon gozamenetan adituak garen arren, luxuriarekin kontua konpontzeke daukagu. Tradizioaren arabera, Bilbon ez da asko ligatzen eta hori atontzeko bilbotarren libidoa igo nahi dugu. Burlesquearen maitasun arteak eta arte eszenikoak erabiliko ditugu. Dantzari dotore eta sentsualek animatuko dute aratusteetako ikuskizun hau: streapteas barrak, sentsualitatea… Bertan egongo dira Las Fellini, aurtengo ZARAMBOLAS ere. Ikuskizun dotore eta iradokitzailea, familia osorako gai.
ALFERKERIA: erremediorik gabeko alferrak gara, baita bilbotarrak ere. Badakigu, bai, ezer ez egiten egote horretaz gozatzen, eta siesta beste plazerretako bat gisa definitzen dugu. Karroza erdian kokatutako ohe batek sinbolizatuko du alferkeria. Bere ondoan, hainbat lagun, txabusina eta kamisoia jantzita, aharrausi egiten eta nagiak ateratzen. Hondatutako erloju handi bat ere izango da bertan eta alferrak ernatzen saiatuko da. Lortuko al du?
HARROKERIA: bilbotar harrotasuna da gure hiria definitzen duen ezaugarrietako bat. Bilbotarrak izatearen harrotasunagatik gara ezagunak gara mundu osoan. Karroza honetan, beraz, harrokeria irudikatzeko ispilu handi bat, harrotasunez geure burua bertan begiratzeko. Ipuinaren ispilua izango balitz bezala, ezin izango diogu lema ezaguna errepikatzeari utzi: Ispilu maitea, ispilu maitea… Ba dago Bilbo baino hiri politagorik?
2009ko Karrikaldiak 72.000 argi watt eta 28.000 soinu watt izango ditu, eta karrozekin batera, sei artista konpainia, 25 musikariz osatutako fanfarre dibertigarria, batukada, hankaluzeak, publikoarekin elkarri eragingo duten zonbiak eta perkusio talde bat.
UMEENTZAKO FESTA, KABARETA ETA BEATLESEN MUSIKA ARATUSTODROMOAN
Moyua Plaza eta Mazarredo/ Urkijo kale bidegurutze bitartean Aratustodromoa instalatuko da. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera hiru eszenatokietan programatu diren ikuskizunekin gozatu ahal izango da.
Karrikaldia paretik pasa ondoren ekingo zaio hiru eszenatokietako bakoitzean aurreikusitako jarduerari eta eszenatoki bakoitzeko ekitaldiak hasteko ordua heldu arte hiru plataforma horiek mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako talaia izango dira. Beraz, Karrikaldiaren azken karroza pasa ondoren hasiko dira eszenatokiak animatzen, eta horretarako 35.000 argi watt eta 20.000 soinu egongo dira.
UMEENTZAKO ESZENATOKIA izango da lehenengoa. Bertan txikienek DJ Thobben & Pilar Monika Txouk animatuko duten FESTArekin gozatuko dute. 70. hamarkadako harrentzako diskoteka izango da, musika, dantza eta jolasekin. Plaza Moyuatik hurbilen egongo den eszenatokia izango da hau.
CABARET eszenatokia, Aldundiaren aurrean egongo dena, LUXURIA karrozaren luzapena izango da. Izan ere, Foru Aldundiaren eraikinera heldutakoan, Karrikaldiko Luxuria karrozak ibilbidea albo batera utzi gelditu egingo da, CABARET izeneko eszenatokia bihurtzeko. Luxuria karrozan etorriko diren Las Fellinirekin batera, CABARET eszenatoki honetan Asier Bilbao eta Serafin ere arituko dira. CABARET/LUXURIA eszenatokian banatuko dira mozorro lehiaketako sariak.
Kale Nagusia eta Urkijo bihurgunetik gertu, garai bateko Gran Vía zine aretotik gertu, ezarriko da hirugarren eszenatokia: BEATLES COVER BAND ESZENATOKIA.
Bitartean, TANDARICA ORKESTAR izeneko kale animazio taldea Kale Nagusiatik gertu dauden taberna inguruetan ibiliko da. 5 aktore eta 6 musikari hauek balkanetako musika ikuskizuna eskainiko dute, zirku ukituarekin.
ARATUSTE DANTZALDI BEREZI BATEKIN EGINGO DU AURRERA FESTAK PLAZA BARRIAN
Aratustodromoan programazioa amaitu ahala, Alde Zaharrean jarraituko da festak.
Hemen ere kale animazioaren orkestra bat izango dugu, ALWAYS DRINKING MARCHING BAND, inguruetako Alde Zaharreko kale eta tabernetan barrena. Taldea osatzen duten 10 musikariek eta clown batek dantzaz, musikaz eta gags beteko dituzte kaleak , beti publikoarekin kontaktu estua mantentzen.
Eta, gaueko hamaiketan, aurtengo nobedaderik handienetarikoa: Plaza Barriko ARATUSTEEN DANTZALDI BEREZIA. Tarantella orkestrak, bere 12 musikariekin, guztien gustuentzako musikarekin beteko du Plaza Barria: arrantxoarenak, pasodobleak, cumbia, salsa, cha-cha-cha, 60. eta70. hamarkadetako musika eta vals eta guztiz. Plaza karpa batekin estalita egongo da; beraz ez dago aitzakiarik dantza ez egiteko.
MOZORRO LEHIAKETA
Karrikaldi eta Aratustodromora mozorrotuta hurbiltzen diren hiritar guztiek hartuko dute parte Jai Batzordeak antolatutako mozorro lehiaketan, eta Udalak banatuko dituen 6.000 euro irabazteko aukera izango dute.
Bilboko Aratusteetako laugarren Mozorro Lehiaketan arte eszeniko eta jantzietan adituak diren kideek osatuko dute epaimahaia, aditu horiek jende artean ibiliko dira Kale Nagusiko jai guneetan. Epaimahaikideek parte-hartzea, orijinaltasuna, animazioa, errepresentazioa, interakzioa eta mozorroen itxura hartuko dituzte kontuan, besteak beste, sarituak erabakitzean. Sarituei txartel bana emango diete.
20:30ak inguruan sarituak, txartelak eskuan, LUXURIA (Aldundiaren ondoan) eszenatokira hurbildu beharko dute. Bertan saritutako mozorroak erakutsiz. Saria jaso nahi bada, ezinbestekoa izango da eszenatokian aurkeztea.
Lehiaketak bi maila izango ditu: UMEENA (16 urtera artekoa) eta HELDUENA. Gaztetxoenen artean 120 euroko bost sari banatuko dira, bakarkakoak edo bikoteka. Halaber, 300 euroko hiru sari banatuko dira umeek osatutako kuadrilen artean (3 ume edo gehiagok osatuta).
HELDUEN artean 14 sari banatuko dira: 200 euroko 5 sari bakarkako sailean, 300 euroko 5 sari bikoteen sailean eta 550 euroko 4 sari kuadrilen artean (hiru pertsonek edo gehiagok osatutakoak).
UMEENTZAKO PROGRAMAZIOA
Umeei zuzenduko zaie 2009ko Aratusteetako programazioaren zati handi bat eta otsailaren 20tik aurrera euren neurrira egindako programazioaren gozatu ahal izango dute txikienek.
Ostiral goiza haurren desfile batekin hasiko da, Albia Lorategietatik Plaza Barria arte joango dena. Goizeko 11:00etan, eta haurren martxa Plaza Barrira heldu ondoren, txokolatada erraldoia egongo da, eta haurrentzako diskoteka batekin gozatzeko aukera egongo da.
Hortik aurrera familia giroan gozatzeko aukera anitz egongo da: Eskoletako dantza taldeak, globoflexia eta haurrentzako ikuskizun eta antzerkiak Plaza Barrian: Gargantua, erraldoiak eta buruhandiak Arriaga Plazan eta eguneroko programazioa Esperantza Frontoian: puzgarriak, trikimakoak, ohe elastikoak, zezen mekanikoa, mahai-joko erraldoiak, ludoteka eta haurrentzako tailerrak (makillajea, apaingarriak, karetak, mozorroak, collage-a, kometak…
2009 KO XVII BARNAVAL LEHIAKETA
Barnaval Bilboko Aratusteetan tradizio luzeenetarikoa duen ekitaldia da, aurten bere XVII edizioa beteko du. Ekimen honen sustatzaileak “La Ría del Ocio” aldizkaria eta Tranvía taberna dira. Mozorro eta Giropen Lehiaketa hau Bilboko ostalaritza lokalei zuzenduta dago eta Aratusteko asteburuan, otsailak 20 eta 21, izango da.
Egun horietan (baita gauetan ere) epaimahaiak erabat mozorrotuta parte hartzen duten tabernak eta dendak bisitatuko ditu baloratzeko, besteak beste, ostalaritza eta merkataritza lokalaren girotzea, Aratusteak direla eta erantsitako dekorazioa eta langileek jantzitako mozorroak.
Lokalik hoberena, epaimahaiaren ustez, 300 euro irabaziko ditu, bigarren sailkatutakoak 210 euro eta hirugarrenak 120. Sari hauez gain, trofeo batzuk, accesits eta diplomak banatuko dira partehartzaileen artean. Informazio gehiagorako www.lariadelocio.com web orrialdea kontsulta daiteke.
BESTELAKO JARDUERAK
Granja kafetegiak antolatutako etxeko txorizoen hamahirugarren Bilbo Hiria lehiaketako sari banaketa, erromeriak, kalejira Euskal Herriko instrumentuekin, txistularien diana, eskoletako umeen dantza saioa, Beti Jai Alai Dantza taldearen Aratusteetako ikuskizuna eta Aratusteetako Kartel lehiaketako lanen erakusketa Barrainkuako Kultur Etxean dira jai programa osatzen duten bestelako jarduerak. Sardinaren erretak programari amaiera emango dio otsailaren 24an, asteartea, Arriaga Plazan 20:30etan.
2009KO ARATUSTEEN PROGRAMA OFIZIALA
Otsailaren 19a, eguena
12:00 Etxeko txorizoen “Bilbo Uria” hamahirugarren lehiaketako sarien banaketa La Granja kafetegian. Antolatzailea: La Granja kafetegia.
13:00 Etxeko txorizoak dastatzea Plaza Biribilean. Antolatzailea: La Granja kafetegia.
19:30 Kalejira San Nikolasetik abiatuta. Zazpi Kaleetan txorizoak dastatzea. (Bilboko Konpartsak).
19:30 Azken 25 urteetan Farolin eta Zarambolas izan direnei omenaldia. Bilboko Udal Musika Bandaren Aratusteetako kontzertua. Zabalgune Eraikina.
Otsailaren 20a, barikua
10:00 Bilboko ikastetxeetako umeen desfilea. Albia lorategitik Plaza Barriraino
11:00 Umeentzako Jaia. Umeentzako Txokolatada. Plaza Barriko Karpan.
18:30 Umeentzako Antzerkia: Anne Mona, Oskola Ta Karramarroi. Plaza Barriko Karpan.
17:00-20:00 Umeentzako Tailerrak Eta Jolasak. Itxaropen Kaleko Frontoian.
20:00 Epaiketa Farolin Eta Zarambolas. Bilborock (*) (#)
19:00-22:00 Kalejira Euskal Herriko Instrumentuekin Areatzan.
Otsailaren 21a, zapatua
10:00 Diana txistulariekin.
11:00 Gargantua, Erraldoiak Eta Buruhandiak Arriaga plazan.
11:00-14:00 Umeentzako tailerrak eta jolasak. Itxaropen kaleko frontoian.
12:30 Eskoletako umeen dantza saioa. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Plaza Barriko Karpan.
18:30 Bilboko KARRIKALDIA. Kale Nagusia. (Jesusen Bihotzetik Plaza Biribilera) (*)
20:00-22:00 Aratustodromoa. 3 eskenatoki: Cabaret, Beatles Cover Band eta Umeentzako Berbena Kale Animazioa; Tandarica orkestra (Kale Nagusiko
tabernen inguruan)
23:00 Aratusteko Dantzaldi Nagusia Tarantella orkestra Plaza Barriko Karpan. Kale Animazioa: Always Drinking Marching Band Alde Zaharreko Tabernetatik.
Otsailaren 22a, domeka
9:00 Indaba-jana. Putxerak eta indaba lehiaketa. Antolatzailea: Bilboko Konpartsak. Plaza Barriko Karpan.
10:00 Diana txistulariekin.
11:00-14:00 Tailerrak eta jolasak. Itxaropen kaleko frontoian.
11:00 Gargantua, Erraldoiak Eta Buruhandiak. Arriaga Plazan.
14:00 Sarien banaketa. Putxerak. Plaza Barriko Karpan (Bilboko Konpartsak).
17:00-20:00 Umeentzako Tailerrak Eta Jolasak. Itxaropen kaleko frontoian.
18:00-21:00 Kalejira Euskal Herriko Instrumentuekin.
19:00 Beti Jai Alai Dantza Taldearen Aratuste Dantzaldia Eta Jatorki Abesbatza. Plaza Barriko Karpan.
Otsailaren 23a, astelehena
11:00-14:00 Tailerrak eta jolasak. Itxaropen kaleko frontoian.
17:00-20:00 Tailerrak eta Jolasak. Itxaropen kaleko frontoian.
17:30 Globoflexia. Plaza Barriko Karpan.
18:30 Umeentzako Ikuskizuna: “Zirko Ttipia”. Plaza Barriko karpan.
Otsailaren 24a, martitzena
11:00-14:00 Tailerrak Eta Jolasak. Itxaropen kaleko frontoian.
19:30 Sardinaren Hileta-Prozesioa Plaza Barritik (parte hartu gurekin: Erdu beltzez jantzita eta ekarri kandelak).
20:30 Sardinaren Hileta. Deabru Beltzak. Arriagako Plazan.
BESTE JARDUERA BATZUK
Aratusteetako kartel erakusketa.
Barrainkua Kultur Etxea.
Otsailaren 16tik 27ra. Ordutegia: 09:00 – 21:00.
La Ría del Ocio eta Tranvía tabernaren jarduerak.
Otsailaren 20an eta 21ean (bariku eta zapatua) BARNAVAL- Bilboko
Lokal eta Denden Girotze eta Mozorrotze XVII. Lehiaketa
izango da. Antolatzaileak: La Ría del Ocio eta Tranvía taberna.
Laguntzaileak: Bilboko Udala eta Merkatar ien Elkartea.
EZINTASUNEN BAT DAUKATEN PERTSONEK PARTE HARTZEKO NEURRIAK
(*) Ikurraz adierazitako jarduerek irisgarritasunaren arloko neurri bereziak edukiko dituzte.
(#) Ikurraz adierazitako jardueretan zeinuen interpretea egongo da.
Braillez egokitutako egitaraua Bilbao Turismo sozietatearen bulegoetan eta ONCEren egoitzan egongo da.
Azken erantzunak